Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko urriak 14Bilboko Campusa

Laura Lechugak Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria irabazi du eta Susana Ladrak, gazteen kategoriako Ada Byron saria.

Laura María Lechuga Gómez sevillarrak irabazi du Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatu duen Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria, eta Ada Byron sariaren gazteen kategorian Susana Ladra González galiziarra izan da sariduna.


Ada Byron sariak Microsoft du urrezko babesle; Bizkaiko Foru Aldundia, Danobat Group eta Emakunde ere babesle ditu eta Innobasque eta Basque HealthCluster erakundeen laguntza du.

Sariak urriaren 29an banatuko dira, ForoTech 2020 jardunaldietan, Ingeniaritza eta Teknologiaren Deustuko astearen barruan.

Laura María Lechuga Gómez Zientzia Kimikoetan lizentziatua da eta, gaur egun, Bartzelonako CSICen ikerketako irakaslea da, Carlos III.a Osasun Institutuko Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntzako Sareko Biomedikuntzako Ikerketa Zentrorako (CIBER-BBN) egiten du lan. Artikoko Unibertsitateko (Norvegia) Fisika eta Teknologia Saileko irakasle ondokoa da, eta irakasle bisitari ohoretsua Campinas Estatuko Unibertsitateko (Brasil) Ingeniaritza Elektrikoko eta Konputazio Zientzietako Fakultatean ere.

Koronabirusaren krisian zehar, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Teknologia Ministerioaren aholkulari aditua izan da Diziplina Ugariko Lan-taldean (GTM). ICN2an, COVID-19aren birusa ezagutzeko eta haren eragina zein den infektatutako pertsonengan ezagutzen aurrerapausoak emateko Europako Batzordearen deialdian aukeratu diren 17 proiektuetako bat lideratu eta koordinatzen du.

2020ko Ada Byron sariduna, gainera, patenteen 8 familiaren autore da estatu eta nazioarte mailan, horietatik zazpi industriara transferituak, eta bi spin-off ere sortu ditu. 55 ikerketa proiektu baino gehiagotan hartu du parte, gehienak nazioarte mailakoak, eta 200 argitalpen baino gehiagoren autorea da. 2016an, Fisika, Berrikuntza eta Teknologia Saria (Fisikako Espainiar Erret Elkartea - BBVA Fundazioa) eman zioten, biosentsore nanofotonikoen adarrean izan zuen “ibilbide bikaina”gatik. Biosentsore horiek ‘lab on a chip’ motako plataformetan integratu ditu beste osagai elektroniko, hardware eta software batzuekin eta teknologia aplikagarria da industria sektorean, medikuntzan eta ingurumen arloan. Haren helburuetariko bat gailu bat garatzea da gaixotasunak diagnostikatzeko, minbizia eta malaria, besteak beste.

Ada Byron saria gazteen kategorian

Susana Ladra González galiziarrak jaso du Ada Byron saria gazteen kategorian. Ingeniaria eta Informatikako doktorea eta Matematikan graduduna da Ladra, eta Lengoaia eta Sistema Informatikoetako irakasle titularra (A Coruñako Unibertsitatea) eta A Coruñako Unibertsitateko STEMbach programaren koordinatzailea, STEM bokazioak sustatzeko sortua, bereziki emakumeen artean. Gaur egun, A Coruñako Unibertsitateko Campus Innovaren zuzendaria da, baita Galiziako Informatikako Ingeniaritza Elkargoko presidenteordea ere. A Coruñako IKTen Hiriko (IKTak berrikuntzako ekosistema proiektua) lantaldeko kidea da. Emakume Ikertzaile eta Teknologoen galiziar nodoaren bazkide sortzailea (eta presidenteordea) izan zen eta zabalkunde zientifikoari erabat emana dago. Horretaz gain, A Coruñako Zientzia Museoekin zabalkunde zientifikoko proiektuetan laguntzen du, zabalkunde zientifikoko eta emakumeek Ingeniaritzan egiten duen lana erakusteko hainbat ekimenetan parte hartzen du.

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria, estatu mailakoa da eta, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak sortu zuen, ikerketa eta garapen teknologikoaren esparruan emakumeen bokazioak sustatzeko, teknologiari bizitzako eta gizarte garapeneko esparru guztietan duen garrantzia emateko, eta emakumeek gizateriari zeregin eta ikasketa horietan egin dioten ekarpenari balioa emateko.

Aurreko edizioetan, hauek izan ziren irabazleak: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantiko” izenez ezagutzen direnetako ikertzailea; Nuria Oliver, Telefónicako I + G-ko zuzendaria; Regina Llopis Rivas, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematikako doktorea; María Ángeles Martín Prats, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko saileko irakasle titularra, eta Concepción Monje Micheret, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titularra. Ada Byron sariaren gazteen kategoriako lehenengo irabazlea Ana Freire izan zen, ingeniaria eta Informatikako doktorea, eta Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea.

Bi sarietan ehun eta berrogeita hamar hautagai baino gehiago

Epaimahaiak 105 hautagaitza jaso eta ebaluatu ditu, 3.000 euroko sari nagusirako. Hautagaietatik 26 berriak izan dira. Ada Byron sariaren gazteen kategoriak 1.000 euroko saria izan du eta 54 hautagai aurkeztu dira, euretatik 23 berriak. Denak balioetsi dituzte zenbait ezaugarri kontuan hartuta: prestakuntza, arlo teknologikoan duten lanbideko jarduera, gizarte zabalkundean duten konpromisoa, hobetzeko gaitasuna eta gero eta berdintasun handiagoa izan dadin aldaketak sustatzeko ekimenetan parte hartzea.

Lehenengo sarirako hautagaiak diziplina hauetakoak izan dira: Informatika, Adimen Artifiziala, Telekomunikazioa edo Ingeniaritza Automatikoa eta Elektronikoa (besteak beste). Laneko jarduera esparruak asko dira, baina edizio honetan nabarmenenak berrikuntza arloetakoak dira: Adimen Artifiziala, Neurozientzia Klinikoak edo Biomedikuntza.

Ada Byron sariaren gazteen kategoriako hautagaiak arlo hauetan prestatuak dira: Informatika, Telekomunikazioa, Kimika, Fisika, Industria Ingeniaritza edo Matematika. Diziplina horien artean, edizio honetan nabarmenenak berrikuntza arloetakoak dira: Adimen Artifiziala, Etika Teknologikoa edo Biomedikuntza.

Hautagaiak, seniorrak eta juniorrak, lurralde hauetakoak dira: Madril, Euskal Herria, Valentzia, Andaluzia, Katalunia eta Aragoi. Deialdi honetara beste emakume espainiar batzuen hautagaitzak ere heldu dira, nahiz eta beste herrialde batzuetan bizi: Alemania edo Mexikokoak (Ada Byron saria), eta Italia, Erresuma Batua edo Herbehereetakoak (gazteen kategoriako saria).
 

 

FOROTECHi buruzko argibide gehiagorako.