Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko urriak 07Bilboko Campusa

Deustuk eta Salestarrek aliantza bat zigilatu dute ibilbide duala izango duen Robotikako Ingeniaritzako Gradu berri bat garatzeko

Unibertsitatea eta lanbide heziketa berriro elkarrekin. Deustuk eta Salestarrek aliantza estrategiko bat sinatu dute eta elkarrekin diseinatu dute ibilbide duala duen Robotikako Ingeniaritzako Gradu berritzailea. 2020ko irailean hasiko da eskaintzen titulazioa. Ikasleek ikasi eta lan egin ahal izango dute aldi berean, sektoreko enpresa garrantzitsuekin sinatu diren hitzarmenei esker. Ekimen horrekin, jarraipena ematen zaio duela bi urte, Egibiderekin Industria Digitaleko Gradu Duala eskaintzeko Gasteizen hasitako bideari.

Titulu berriaren aurkezpena eta hitzarmena sinatzeko ekitaldia arratsaldean izan zen, 18:30ean, Unibertsitateko Paraninfoan. Saio horretan, pertsona hauek egon ziren: bi ikastetxeetako agintari nagusiak, José María Guibert eta José Antonio Prol; Bilboko alkatea, Juan María Aburto; Hezkuntzako eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Cristina Uriarte eta Beatriz Artolazabal, hurrenez hurren; Espainia eta Portugalgo ABBko presidente eta CEOA, Marc Gómez; Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, Adolfo Morais, eta Ingeniaritza Fakultateko dekanoa, Asier Perallos.

Etorkizunera begirako gradu moldagarria

Robotika, adimen artifiziala, datuen zientzia edo 4.0 industria, besteak beste, teknologiaren joera berriak dira, pixkanaka sendotzen ari direnak eta gizartea eta enplegua aldatuko dituztenak hurrengo hamarkadetan. Ingeniaritza Fakultateak aldaketa horretan funtsezko papera beteko duten ingeniariak prestatzeko ardura hartzen du, gaur egun ez dauden profil berriak behar baitira. Robotikako gradu dual berri hori hainbesteko eskaera duen belaunaldi berriko profesionalak prestatzeko diseinatuta dago. Deustuko Unibertsitateak eta Salestarrek enpresa eta erakundeekin izan dituzten harremanetik sortu den gradua da eta industriarekin lotura sendoa duena.

Alde horretatik, automatizazio eta robotika industrialeko ezagutza sendoak dituen ingeniaritza da, zerbitzuen robotikako oinarriak ahazten ez dituena. Izan ere, asistentziak, etxeko eta laneko esparruetan, ikaragarrizko hazkundea izango du datozen urteetan.

Gradu moldaerraza da, gainera, sarrerako profil eta erritmo ugaritara moldatu daitekeena. Lanbide Heziketako zikloetatik ateratzen diren ikasleetatik hasi (3 urtetan egin ahal izango dute), eta errendimendu akademiko ona izan eta ibilbide duala (gelan eta enpresan irakasgaiak eginez) ikasi nahi duten ikasleetara, batxilergotik datozen ikasleak, 4 urteko gradu konbentzionalago bat egin nahi dutenak, ahaztu gabe.

Deusturen eta Salestarren arteko lankidetza

Ingeniaritza Fakultateak eta Salestarrek gradu berri baten esparruan egiten dute lan elkarrekin. Alderdi hauek dituzte langai:
-Irakaskuntza eskaintzea
-Instalazioak eta laborategiak lagatzea
-Prestakuntza dualeko metodologiak ezartzea
-Enpresak ere tartean sartzea
-Lanbide heziketako tituludunen trantsizioa errazteko tresnak prestatzea
-Gizartean eta industria munduan zabalkunde lana egitea
-Graduaren zuzendaritza

Deustuko Salestarrek, beren aldetik, graduarekin lotura egiten dute, antzeko bost prestakuntza zikloren bidez: Mantentze lan elektronikoa, Sistema elektroteknikoak eta automatizatuak, Automatizazioa eta robotika industriala, Telekomunikazio eta informatika sistemak eta Mekatronika industriala. Eta batxilergo teknologikoarekin ere bai. Barakaldoko Salestarrek ere bat egin dute lankidetza akordioarekin, batxilergo teknologikoaren bidez.

Graduaren ezaugarriak

-4 urteko gradua (3 urtekoa, LHko Goi mailako zikloko ikasleentzat, baliokidetzeei esker).
-Ibilbide duala enpresetan, eskola presentzialak Unibertsitatean lehenengo bi urteetan eta, 3. mailatik aurrera, enpresetako lanarekin bateratuta.
-Goi mailako trebakuntza teknologikoa, enplegu eskaera handia duen sektore baterako sarbidea emango duena.
-Bekak eta laguntzak matrikula finantzatzeko.
-Prestakuntza, inguruko garrantzizko industria enpresetan.

Parte hartzen duten enpresak

Enpresa laguntzaileak hauek dira: MB Sistemas, GHI Hornos Industriales, Inkatec, Fagor Arrasate, Danobat, Maier, Sindosa S.L., Bridgestone, Tekniker, Cenker, Ingemat, Saralle eta Inser Robótica.



 

07/10/2019 - Deusto y Salesianos sellan una alianza para el desarrollo de un nuevo grado en Ingeniería Robótica con itinerario dual