Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko otsailak 08Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitatean FIRST LEGO League Euskadi prest

Deustuko Unibertsitatean dena dago prest Euskadiko FIRST LEGO League egiteko. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, otsailaren 8an izango da aldi berean hiru egoitzatan: Deustun (Bilbon), Donostian eta Mondragonen. Deustuko Unibertsitateko txapelketak 6 eta 16 urte bitarteko gazteak bilduko ditu bertako kiroldegian, Euskadiko 20 ikastetxetako FLLko (10-16 urte) eta FLL Juniorreko (6-9 urte) 45 taldetan banatuta.

FIRST LEGO League nazioarteko programa bat da eta gazteengan zientziarako eta teknologiarako zaletasuna piztea du helburu. Ekimenean 100 herrialde baino gehiagotako 6 urtetik 16 urtera bitarteko 560.000 gaztek baino gehiagok hartzen dute parte eta taldean ikasteko esperientzia itzela bizi dute programan zehar. FLLk erronka jotzen die ikasleei ikerketan, arazoen konponketan eta zientzian murgildu daitezen, gai interesgarrien bidez. Hortaz, FLLren balioak dira programaren zutabeak, hain zuzen ere, kideekin batera ikastea, lehia zintzoa eta gizarteari ekarpena egitea.

Innobasquek antolatzen du, duela hamaika urtetik hona, Euskadiko FLLren edizioa. Denbora horretan, programa STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematika arloen akronimoa ingelesez) hezkuntzaren erreferente bihurtu da Euskal Herrian. Euskadiko programa berezia da Estatuko gainerakoen aldean, prestakuntzako programa bat duelako aurretiaz, ikasleek aukera izan dezaten bertatik bertara ezagutzeko nola egiten duten lan ikertzaileek, teknologoek eta arkitekturako eta ingeniaritzako profesionalek Euskadiko enpresetan, zentro teknologikoetan, erakundeetan eta unibertsitateetan. Euskadiko FIRST LEGO League Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den STEAM estrategiaren barruan dago. 11. edizioak aurrerapauso bat eman du hazten jarraitzeko eta ekimena ikastetxe eta ikasle gehiagorengana zabaltzeko. Ahalegin horretan, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea antolatzailekide bihurtu dira.

City SHAPER desafioa

FIRST LEGO League Euskadi” programa hezitzailea da eta 6 hilabete irauten du. EAEko hiru lurraldeetako ikasleak dira parte-hartzaileak. Aurten 51 ikastetxetako 2.000 ikaslek egin diote aurre lehiaketak botatako desafioari, alegia: “CITY SHAPER – bizitzeko eta lan egiteko ingurune hobeak eraiki”. . Otsailaren 8ko finalera 126 talde iritsiko dira, edizio honetako erronkari aurre egiteko pentsatu dituzten irtenbideak aurkezteko eta defendatzeko hiru arlotan: berrikuntzan, robotaren jolasean eta FIRST LEGO League balioetan.

Lehendabizi, hirietako arazo bat konpontzeko garatu duten berrikuntzako proiektua erakutsiko dute. Bigarren, robotaren jolasean lehiatuko dira aurretiaz misioak burutzeko diseinatu, eraiki eta programatu duten LEGO MINDSTORMS robotarekin. Eta, hirugarren, proiektuak garatzean FIRST LEGO League balioak kontuan hartu dituztela frogatu beharko dute, alegia, aurkikuntza, berrikuntza, inpaktua, inklusioa, talde lana eta dibertsioa.

Txapelketa bakoitzean, hiru arloetan lehenengo bi postuetan sailkatzen diren taldeek Espainiako FIRST LEGO Leaguen parte hartzeko aukera izango dute. Finala Tenerifen jokatuko da martxoaren 28an eta 29an. Guztira, Euskadiko 6 taldek hartuko dute parte finalean. Onenek nazioarteko txapelketetan hartu ahal izango dute parte Estatu Batuetan (Detroit eta Arkansas), Japonian (Nagoya), Grezian (Tesalonica), Brasilen (Rio de Janeiro) eta Australian (Sidney), apiriletik uztailera.

Hiru egoitzetako txapelketak 10:00etan hasi eta 16:00etan amaituko dira. Orduan jakingo ditugu zein sei talde (bi egoitza bakoitzean) sailkatu diren Estatuko finalerako eta, horien sariez gain, beste bederatzi sari emango dira egoitza bakoitzean.

Opengune Deusto

100 bat boluntariok hartuko dute parte Deustuko antolakuntzan. Lehiaketak BBK, ITP Aero, Euskaltel Fundazioa eta Auzolan ditu babesle eta zabalik egongo da bertaratu nahi duten ikusleentzat. Taldeentzako probez gain, Opengunea prestatu da, eta bertan hainbat jarduera antolatuko dira bertataratzen den jendearentzat. Besteak beste hauek aipatu ditzakegu: Deusto FabLab (fabrikazio digitaleko laborategia, 3D inprimagailuekin eta prototipoak sortzeko beste teknologia batzuekin hornitua) bisitatu, Virtualware-Deusto murgiltze-teknologien laborategia bisitatu, dronen hegaldiak (Drone by Drone), eta Ingeniaritza Fakultateko ikasleak AICren laguntzaz Smart Moto Challenge unibertsitate arteko nazioarteko txapelketarako prestatzen ari den Deusto Moto Team ikusi.

“ITP Aero Aeronautikako tailerra” ere antolatu da, gazteak hegazkigintzara hurbiltzeko: Zergatik egiten dute hegan hegazkinek? Nola dabil motor aeronautiko bat? Tailerrean parte hartzen dutenek galdera horien eta beste batzuen erantzunak ezagutuko dituzte Oiane Zarrabeitia ingeniariaren eskutik.

Nahi duen jendea sar daiteke finala ikustera eta Opengunean parte hartzera, doan.

Zergatik Deustun?

Deustuko Unibertsitateak eta Ingeniaritza Fakultateak zehazki ondo dakite zelako ahalmen eraldatzailea duten zientziak eta teknologiak gizartean eta, horregatik, ilusio handiz bildu dira Euskadiko FLLren edizio honetara. Izan ere, txapelketa guztiz bat dator, Asier Perallos Ingeniaritzako dekanoaren hitzetan, unibertsitatearen ereduarekin, zenbait arrazoirengatik. Lehenik, “ez delako egun bakarreko txapelketa eta haratago doalako: prestakuntzako programa bat dauka, hilabete batzuetan garatzen dena, erakunde ugari inplikatuta eta Deustuk ere parte hartuta”.

Bigarrenik, “robotaren jolasaz gain, gizarte arazo bat jorratzen delako eta berrikuntzaren bidez ahalegindu behar delako konpontzen. Eta hirugarrenik, eta hauxe da arrazoirik garrantzitsuena, Deustun bezala, FIRST LEGO Leagueren euskarria balioak direlako: ikasitakoa aplikatu mundua hobetzeko, aniztasuna eta inklusioa aintzat hartu, eta lankidetza sustatu gainerako kideei, taldeei eta entrenatzaileei lagunduz”.

Perallos dekanoaren ustez, bada FIRST LEGO Leagueren kontzeptu bat Unibertsitatearekin guztiz bat datorrena: “koopertizioa, printzipioz kontrakoak diruditen bi hitz lotuta (oximorona) sortutakoa: kooperazioa eta konpetizioa. Baina lehiaketa barrutik bizi izan duzunean argi ikusten duzu parte hartzaileengan lehia adiskidetsua eta elkarren onura ez direla helburu desberdinak, eta gainerakoenganako errespetua dela talde-lanaren oinarria” adierazi du.