Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko azaroak 11Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitatea eta Euskadiko Parke Teknologikoen sarea lankidetzan aritu dira zientzia eta teknologia emakumeen ikuspegitik bultzatzeko

Deustuko Unibertsitateak Euskadiko Parke Teknologikoen sarearekin batera lan egin du Emakumeak, Zientzia eta Teknologia jardunaldiak antolatzen. Jardunaldiak urriaren 26an, 27an eta 28an izan ziren eta Emakunderen babesa izan zuten. DBH eta Batxilergoko ikasleek parte hartu zuten jardunaldien helburua hau izan zen: zientzia eta teknologia arloko erreferentziazko emakumeak begien bistan jartzea eta zientzia eta teknologia arloengatiko interesa piztea.

Urriaren 26an, jardunaldia Arabako Parke Teknologikoan izan zen eta Arabako lau emakume profesional bildu ziren mahai-inguru batean, euren esperientzia kontatu eta ikasleen zalantzei erantzuteko. Agrupa-ko Kristina Apiñaniz, Euskalmeteko Onintze Salazar, Lantekeko Lidia Almazán eta CIC energiGUNEko Maica Morant izan ziren parte hartzaileak. Ongietorria Itziar Epalzak eman zien, Euskadiko Parke Teknologikoen sareko zuzendari nagusiak, eta Mª Luz Guenaga Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakasle eta ikertzailea izan zen moderatzailea. Mahai-inguruaren ondoren, Carmelitas Sagrado Corazón eta San Viator ikastetxeetako DBHko 3. eta 4. mailetako 150 ikasle baino gehiagok zientzia eta teknologia tailerretan parte hartu zuten eta “Mundua aldatu zuten emakumeak” erakusketa bisitatu zuten.

Urriaren 27an, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan izan zen jardunaldia formatu berean. Héctor Calderón Euskadiko Parke Teknologikoetako Lankidetza eta Zerbitzuetako zuzendariak eman zien ongietorria parte hartzaileei. Gipuzkoan, emakume hauek izan ziren parte hartzaileak: Sandra Saiz, CEITekoa, Oihane Mitxelena, CEITekoa, Idoia Mikelez, CIC biomaGUNEkoa eta Marie Lallier, BCBLkoa. Gipuzkoako Parke Teknologiko eta Zientifikora, Jesuitak Donostia eta Mary Ward ikastetxeetako DBHko 4. mailako 160 ikasle baino gehiago hurbildu ziren.

Azkenik, urriaren 28an, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren txanda izan zen. Zamudion, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen sareko zuzendari nagusiak eman zieten ongietorria bertaratuei. Mª Luz Guenagak moderatu zuen mahai-inguruan pertsona hauek bildu ziren: Estibaliz Díaz, AZTIkoa; Amaia Bizkarguenaga, Itelazpikoa; Nagore Garmendia, ESS Bilbaokoa, eta Lore Zumeta, BCAMATHekoa. Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikora Rekaldeberriko BHIko, Txorierriko Politeknikako eta Gernikako BHIko DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 200 ikasle baino gehiago hurbildu ziren.

Jardunaldietan egon ziren ikasleek hainbat tailer egin ahal izan zituzten. Hona hemen eskaini ziren tailerrak: zibersegurtasuneko tailer praktiko bat; pentsamendu konputazionaleko mahai-jokoen tailerra, Nand-eko Arkulariak jokoa lantzeko; ordenagailuek datuak konprimitzeko egiten duten prozesua ulertzeko tailerra, Kodetu.org plataformaren bidez (Lempel erronka).

Tailerrez gain, ikasleek historiako eta gaur egungo zientzia eta teknologiako erreferentziazko emakumeen erakusketa bat ere ikusi ahal izan zuten. Erakusketan zehar egin zen jardueraren helburuak hauek ziren: 1) zientzia eta teknologiako erreferentziazko emakume berriak ezagutzea, 2) garapen jasangarrirako helburu (GJH) batzuen soluzioak diseinatzea, eta 3) etorkizunean gizarte erronkei erantzuna emango dieten emakumeak irudikatzea.