Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko urtarrilak 31Donostiako Campusa

Deustuk Ada Byron sariaren zazpigarren ediziorako deia egin du, emakume teknologoaren lana agerian jartzeko

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak Ada Byron sariaren VII. edizioa aurkeztu zuen Donostian. Ekimenak zientzia eta teknologiaren arloan emakumeen lana agerian jartzea eta I+Gko arloan emakumeen bokazioak sustatzea du helburu, Espainia osoan. Gainera, teknologiak hazkunde ekonomikoan duen garrantzia nabarmendu nahi du, gizartearentzako etorkizuneko balioa baita.

Sariak, 2019az geroztik, bi kategoria ditu: absolutua (3.000 euroko saria duena) eta gaztea, 35 urtetik beherakoentzat (1.000 eurokoa). Edozein pertsona edo erakundek aurkez ditzake hautagaitzak eta norberak ere aurkez dezake bere burua hautagai. Deialdia urtarrilaren 31tik martxoaren 27ko 17:00ak arte dago irekita eta hautagaitzak soilik modu elektronikoan aurkeztuko dira. Saria maiatzaren 7an emango da, ForoTech 2020 jardunaldien barruan, Deustuko Unibertsitatearen Ingeniaritza Fakultatean.

Ada Byron sariak Microsoften urrezko babesa du, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren, Danobat Group enpresa taldearen eta Emakunderen babesa ere. Laguntzaile ditu Innobasque eta Basque HealthCluster.

Aurkezpenean parte hartu dute Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Inklusio eta Berdintasun diputatuak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Nerea Aranguren DANOBAT GROUPeko Berrikuntza zuzendariak.

Aurkezpena dela eta, 2019ko Ada Byron saridunak, Concepción Alicia Monjek, “Hacia una sociedad robótica: acercándonos a la ciencia ficción” hitzaldia eskaini du, Cristina Giménez Elorriaga Ada Byron sariaren koordinatzaileak aurkeztuta.

Hauek dira lehenengo sei edizioetako irabazleak: Montserrak Meya, adimen artifizialean eta itzulpen automatikoan aditua; Asunción Gómez, teknologia semantikoetako ikertzailea; Nuria Oliver, I+Gko zuzendaria; Regina Llopis, Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematikan doktorea Kalifornia Berkeley Unibertsitatean (Ameriketako Estatu Batuak); María Ángeles Prats, Ingeniaritza Elektronikoko Saileko irakasle titularra Sevillako Unibertsitatean; eta Concepción Alicia Monje Micharet, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasle titularra.

Ana Freirek jaso zuen gazteentzako Ada Byron saria 2019an, lehenengo edizioan. Ingeniaria eta Informatikako doktorea da, Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea, unibertsitate horretako Iraunkortasunari buruzko Zentroaren zuzendaria, eta Wisibilízalas nazioarteko lehiaketaren sortzailea. Ada Byron sariak nazioartera egin zuen jauzi iaz. Mexikon izan zen lehen edizioa eta María Alicia de los Ángeles Guzmán Puente doktoreak jaso zuen saria. Aurten, saria Argentinan ere aurkeztuko da.

Sariari buruzko informazio gehiago
 

31/01/2020 - Presentación Premio Ada Byron 2020