Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko azaroak 28Bilboko Campusa

Deustuk eta Virtualware-k munduan aitzindaria den errealitate birtualeko laborategi bat inauguratu dute

Deustu izango da mundu mailan lehenengo unibertsitatea errealitate birtualeko teknologiekin esperimentatzeko laborategia izango duena. Immersive Lab-ek (Virtualware-Deusto Teknologia Immersiboen Laborategia) errealitate birtualeko proiektuak garatzeko modua emango die ikasleei, gradu edo master amaierako irakasgai eta proiektu batzuei lotuta. Horretara, datorren ikasturtetik aurrera eskainiko den Bideo-joko, Errealitate Birtual eta Areagotuko titulu berriari eta teknologia immertsiboetako eta bideo-jokoetako ikerketako jarduerei euskarria emango die.


Inaugurazio ekitaldia azaroaren 28an izan zen eta pertsona hauek egon ziren ekitaldian: José María Guibert , Deustuko Unibertsitateko errektorea; Unai Extremo, Virtualware-ko CEOa; Sergio Barrera, Virtualware-ko CTOa; Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea; Ainara Basurco, Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua, eta Alexander Arriola, SPRI Taldeko zuzendari nagusia.


Ekitaldian, beste agintari hauek ere egon eta/edo partaide izan ziren: Asier Perallos, Ingeniaritza Fakultateko dekanoa; Iñaki Vázquez, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Informatika eta Telekomunikazio Saileko zuzendaria; Pablo García Bringas, Nazioarteko Harremanetako dekanordea; Cristina Giménez Elorriaga, Deustuko Unibertsitateko Enpresekiko Harremanetarako arduraduna; eta Carlos Alonso, HP INC erakundeko Espainia eta Portugalerako Hezkuntzako arduraduna.


Inmersive Lab


Virtualware-Deusto Teknologia Immersiboen Laborategia azken urteotan errealitate birtualak eta errealitate areagotuak industrian, bideo-jokoetan edo adimendun hirietan sortu duten interesaren fruitu da. Deustuko Unibertsitateak aspaldiko lotura du halako teknologiekin. 2000. urtean, Deustuko Unibertsitateak bazuen interesa errealitate birtualean eta horrekin lotutako teknologietan. Hala, Errealitate Birtualeko Estatuko lehenengo masterra sortu zuen.


Ia hogei urte geroago, errealitate birtualak nabarmen egin du aurrera aplikazioetan, garatzeko tresnetan edo bisoreen kalitatean. Horri esker, inoiz ez bezalako esperientzia immersiboak izan daitezke. Eta hurbileko beste arlo batzuk ere batu zaizkio: errealitate areagotua, errealitate mistoa, etab. Hurrengo hamarkadei begira izan dezakeen potentziala ikusirik, Deustuk errealitate bihurtu du aspaldi bateko amets hura: laborategi bat izatea, ikasleekin teknologia immersibo horiek guztiak esperimentatzeko, graduko eta master prozesu guztian, graduondokoei eta ikerketari ere atea zabaldurik.


Gainera, datorren ikasturteari begira, arlo horrek duen gero eta garrantzi handiagoaz jabeturik, Unibertsitateak beste urrats bat emango du eta ikasle berriei Informatikako Ingeniaritzako Gradua eta Bideo-jokoei, errealitate birtualari eta areagotuari buruzko Programa egiteko aukera zabalduko die. Titulu horrek errealitate birtualeko proiektuak garatzeko trebatuko ditu eta laborategi berrian esperimentazio praktikoa egin ahal izango da.


Virtualware enpresari esker jarri ahal izan da martxan espazio berritzaile hori. Duela 15 urte baino gehiago sortu zuten Virtualware Errealitate Birtualeko Masterra egin zuten hiru ikasle ohik. Basaurin du egoitza eta erreferente esanguratsuenetarikoa da sektorean estatu eta nazioarte mailan (500 proiektu garatu dituzte 28 herrialdetako bezeroentzat).


Laborategia abian jartzeko orduan, Virtualware euskal enpresaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza apustu praktiko interesgarria da, argi erakusten baitu Unibertsitatearen eta enpresen artean zelako lana egin daitekeen.


Espazioa eta teknologiak


Laborategi berria Ingeniaritzako eraikinaren 4. solairuan dago, DeustoTech-en barruan. 50 metro koadro garbi ditu. Virtualwarek garatutako soluzio integral bat du, nahi den tamainako espazio/areto immersiboak sortzeko modua ematen duena, erabiltzaile kopuruan mugarik izan gabe, edukiak eta ekipoak arin eta erraz kudeatzeko moduan. Gainera, merkatuko azken belaunaldiko ekipo eta gailuak ditu.


Espazioaren kokatze absolutuko sistema mantentzea oso erraza da eta merkatuan dauden beste teknologia batzuen mugak gainditzen ditu (ez dago mugarik elkarrekin aldi berean aritu daitekeen erabiltzaile kopuruan, edozein neurritako espazioak estaldu ditzake, etab.). Horrekin batera, VIROO softwareko plataformak (hau ere Virtualware-k garatua) edukiak sortu, kudeatu eta enpresa ingurura bideratutako immertsioko kalitate handiko esperientziak garatzeko bidea ematen du, askoz modu errazagoan ikasleentzat. Hartara merkatuan dauden beste kokatze sistema batzuetan integratu eta esperimentatu daiteke.


Laborategiak badu gela kontrolatzeko postu bat, erabiltzaileak bizitzen ari diren esperientzia birtuala behatzeko, parametroak aldatzeko, zuzenean hiru dimentsioko edozein eredu txertatzeko, etab. Beste toki batzuetan dauden gelak konektatzeko lanean ari dira, denbora errealean zenbait erabiltzailek espazio birtual berean lan egiteko aukera izan dezaten, gela desberdinetan egon arren, munduko edozein tokitan.


Lab immertsiboan, ikasleak, irakasleak eta ikertzaileak zehaztasun osoz mugitu eta elkarrekin lanean aritu daitezke haize-sorgailu baten barruan, ibilgailu baten diseinuan edo bideo-joko batean, adibidez. Esperientzia, mugimendua eta identifikazioa beste pertsona batzuek ere partekatu dezakete. Sistema probatu eta hainbat sektoretan aplikazio proiektuak (aeronautika, automobila, energia, etab.) garatzeaz aparte, Unibertsitateak pluginak garatzen ere egingo du lan, funtzionaltasun gehiago eta tracking-en algoritmia eransteko.


Une honetan, gradu amaierako eta master amaierako lehenengo proiektuak ateratzen ari dira eta kontaezin ahala aukera emango dituzte. Berariazko prestakuntza ekintzak daude aurreikusita, irakasle bat eta bi ikasle laborategiko jarduerak ikuskatzeko eta koordinatzeko dituztela.

 

28/11/2019 - Deusto y Virtualware inauguran un laboratorio de realidad virtual pionero en el mundo