Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2015eko martxoak 27Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak Deusto FabLaben lehenengo harria jarri du, MITen barruko fabrikazio digitaleko laborategiarena

Martxoaren 27an, etorkizuneko Deusto FabLab fabrikazio digitaleko laborategiaren lehen harria jartzeko ekitaldia izan zen Deustuko Unibertsitatean. Laborategia Deustuko Unibertsitateak bultzatu du, Ingeniaritza Fakultatearen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesaz, baita Bilbao Bizkaia Design Council plataforman inplikatuta dauden erakunde publiko eta pribatuen laguntzaz. Diziplina ugariko espazio hau zabalik dago gizarteko beharrizanei erantzuteko eta MIT (Massachusetts Institute of Technology) erakundeak lideratutako 400 FabLaben mundu mailako sarekoa da.

Deusto FabLab proiektua fabrikazio digitaleko prozesuetarako ekipamendua eta makineria jasotzeko azpiegiturak eraikitzea ekarriko duen proiektua ez ezik, diseinuaren, berrikuntzaren eta sormenaren inguruko topagune izateko ere sortu da, elkarlanean aritzeko erreferentziako gune izateko, enpresa, erakunde eta gizarte arloko erakundeentzat, eta, horrela, hiri sortzaile proiektu bateko partaide izateko, sortzailea den lurralde batean.
 

FabLaba laborategi bat da, partekatutako makina eta teknologietan oinarritua. Bertara edozein pertsona sartu daiteke eta ia edozer fabrikatu dezake. Ideia MITek bultzatu eta garatu du, hezkuntzaren zabalkunderako tresna moduan, eta ehunka unibertsitatek, ikerketa zentrok eta mundu osoko sortzailek hartu dute eurentzat. Lokarria da produkzio eredu berrietako milaka ikertzailerentzat, diseinu, arkitektura eta ingeniaritza maila guztietan.

Testuinguru honetan sortu da Deusto FabLab, sorkuntza eta prestakuntzako zentroa. Hezkuntza programaren barruan jasotzen ditu fabrikazio digitalarekin lotutako lantegi, jarduera eta trebakuntza ikastaroak. Horren guztiaren helburu nagusia da Deustuko Unibertsitatean datorren ikasturtean eskaintzen hasiko den Industria Diseinuko Ingeniaritzako gradu berriari laguntza ematea. Hala ere, FabLab mundu mailako sarearen oinarriei jarraiturik, espazio irekia izango da publiko eta enpresentzat.

Deusto FabLaben barruan ia edozein objektu fabrikatzeko modua ematen duten ekipo batzuk daude. Ekipo horien arteko batzuk aipatuko ditugu: CO2 laserrez ebakitzeko makina, 2D eta 3Dko egituretarako, grabaziorako eta/edo materialen ebaketarako; seinaletikarako biniloak, ehun pertsonalizatuak, antenetarako kobre-xaflak eta zirkuitu malguak ebakitzeko makina; zehaztasun handiko fresatzeko makina zirkuitu inprimatuetarako eta doitasun handiko piezetarako: neurri handiko fresatzeko makina, altzari eta estalkietarako; 3Dko inprimagailuak, ia edozein gauzaren prototipoak arin egiteko, eta osagai elektriko eta programazioko gama zabala, zirkuitu elektronikoen prototipoak arin egiteko.
 

Industria Diseinuko Ingeniaritzako Gradua eta Deusto FabLab
 

FabLaba martxan jartzea datorren ikasturtean Industria Diseinuko Ingeniaritzako Gradua eskaintzeari loturik dago. Prestakuntza horrek produktu baten bizitzako prozesu osoaren ikuspegi globala eta estrategikoa eskainiko du: lehenengo ideia eta zirriborroetatik hasi, maketak eta prototipoak jorratu, eta ekoizpen, merkaturatze eta komertzializaziora.
Horrexegatik da garrantzizkoa Deusto FabLab izatea: proiektatzeko softwareko tresnarik onenez hornitutako zentroa da; 3Dn inprimatzeko azken teknologiak dituen fabrikazio digitaleko laborategia, zenbakizko kontrola duten fresatzeko makinak, laser bidez mozteko ekipoak izango ditu, proiektuen maketak eta prototipoak egiteko eta, gero, funtzionamendua konprobatu eta erabiltzaileen joerak aztertzeko aukera emango du User Living Laben.
 

Euren kabuz zerbait berria sortzeko esperientzia izango dute ikasleek; horrela, esperientzia hartuko dute makinekin, materialekin eta, batez ere, diseinuko prozesuarekin eta produktu berri baten garapenean sartzen den ingeniaritza guztiarekin. Teoria hutsean oinarritu beharrean, ikaskuntza benetakoa eta pertsonala izango den testuinguru batean sortuko da. Ikasleak imajinatu, diseinatu, prototipoa sortu eta hausnarketa egiteko faseetatik pasatuko dira, euren proiektuetarako soluzioak aurkitu ahala.
 

FabLaben ideologia
 

FabLabak fabrikazioaren munduko iraultza digitalaren barruko estadio bat dira; hezkuntza, enpresa, erakunde eta pertsona komunitateentzako berrikuntza eta asmakuntzako prototipoak arin sortzeko plataforma bat. DIY (do it yourself) bidez ikasteko plataforma ere badira: ikasi, sortu, berritu eta aholkatzeko tokiak.
Ildo horretatik, fabrikazioko software eta makineriaz hornitutako lantegiak dira, elkarte osoari ideiak eta kontzeptuak errealitate bihurtzeko modua ematen diotenak, fabrikazio digitalaren iraultzaren garapena arinduz. Esan daiteke FabLabak gizarte erantzukizun korporatiboz diseinatu direla.
 

FabLab bat izateak ikertzaile, irakasle, teknologo, sortzaile eta berritzaileen elkarte globalarekin lotura estuagoa izatea dakar, 30 herrialde baino gehiagorekin ezagutzen sare bat partekatzea. FabLaba erabiltzen duten pertsonek elkarlanean aritzen ohituak izan behar dute, zabalak, arduratsuak materialekin eta, batez ere, dokumentatuak. Horrela bermatzen da FabLaba agerikoa izatea.
 

Szilard Kados, Deusto FabLaben arduraduna
 

Szilárd Kados da Deusto FabLaben arduraduna. “Petru-Maior” Unibertsitateko (Targu-Mures, Errumania) industria diseinatzailea da, 2003ko promoziokoa; eta unibertsitate bereko Industria Antolaketako ingeniaria, 2007ko promoziokoa. Ikasketetan zehar, kazetaritzako editore izan zen 2003tik 2004ra; industria diseinatzailea eta diseinatzaile grafikoa, 2004tik 2008ra. Italiako Castellanzan egon zen 2006an, Erasmus programako ikasle.
 

2009ko apirilean, Deustu Fundazioko Teknologikoan hasi zen ikerketako bekadun lan egiten, MoreLab, Mobility Research Laboratory izeneko taldean; eta, urtebetera, 3D prototipoen arloko, industria diseinuko eta diseinu grafikoko ikerketako laguntzaile izatera pasatu zen. Denboraldi horretan taldearen irudi korporatiboa garatu du, eta hainbat proiektutan ere lan egin du. Hona hemen batzuk: Flexeo (2Dko animazioak eta diseinu grafikoa), RFID jardunaldiak (merchandisinga), InteractivePoster (prototipoen garapena), RFIDGlove (3Dko prototipoen diseinua eta garapena), Playboard (3Dko prototipoen diseinua eta garapena), MeetAbout (produktuaren diseinua), MowayGUI (aplikazioaren diseinu grafikoa), Presenter (produktuaren diseinua eta garapena), oClock (produktuaren diseinua eta garapena) eta hainbat web orriren diseinua (IWAAL biltzarra, SELENE, Talisman, IoT observatory, ...).
 

Prototipoen garapenak beti egin izan dira 3D: Open Source RepRap modelatuko inprimagailuekin edo 3D profesional ZPrinter 650 inprimagailuarekin. Horien arduradun ere bada.



Argibide gehiago: www.fablab.deusto.es