Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

2018ko edizioa

María Ángeles Martín Prats . Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria 2018

María Ángeles Martín Prats . Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria 2018

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatzen duen Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariaren bosgarren edizioko antolaketa batzordeak eta epaimahaiak, María Ángeles Martín Prats Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko irakasle titularrari eman diote 2018ko saria. Sevillako Unibertsitateko Tecnología Electrónica TIC-109 ikertaldeko kidea da 1996tik eta aeronautikako ikertaldea zuzentzen du 2003tik.

Horrez gain, María Ángeles Martín Pratsen curriculumak ibilbide erabakigarria du aeronautika sektorean. Hainbat lan egin ditu potentzia elektronika, abionika eta aplikazio aeronautikoko sistema elektronikoetan oinarrituak, bereziki. Hain du eragin handia sektorean, bost urtetan lortu zuen Sevillan Aire Nabigazioa egiten duten emakumeen kopurua % 15etik % 60ra pasatu zen. Horregatik, Ingeniaritzako Dekanoen Kontseilu Globalak aukeratu zuen, munduan ehunka emakumeren artean, ikasketa horietara ikasleak erakartzeko egin zuen ahaleginagatik. Horrekin batera, 70 industria proiektu eta ikerketatan baino gehiagotan hartu du parte. Une honetara arte, 42 proiektu aeronautikoren arduraduna da, eta industriara teknologia transferitu du.

Gainera, PEGASUS (www.pegasus-europe.org) europar bikaintasun aeroespazial sarea koordinatzen du, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan 2008tik, eta PEGASUSen Board-eko kidea da 2011ko apiriletik gaur egunera arte. PEGASUS Sareko presidenteorde kargua izan zuen 2013ko apiriletik 2015eko apirilera.

2011n, Skylife Engineering spin-off-a sortu zuen Sevillan, sektore aeroespazialean eta aeronautikoan Sevillako Unibertsitateko lantaldearekin egiten ari zenaren ezagutza eta puntako teknologia zabaltzeko. Horixe izan zen Unibertsitate hartako Teknologia Elektronikoko taldearen ernamuina. Emakume horren ibilbidea interesgunea da aeronautika sektorean. 2011tik IEEEren Senior aitormena du, potentzia elektronikoko, abionikako eta aeronautikan aplikatzen diren sistema elektronikoetan oinarritutako lanengatik.

Hori gutxi balitz, IEEE Aerospace and Electronics Systems (2009ko ekainetik 2012ko ekainera) espainiar kapitulu teknikoko presidentea izan da, baita IEEE WIE-Women in Engineering espainiar kapitulukoa ere (2006ko urtarriletik 2011ko uztailera).

María Ángeles Martín Prats Sevillako Unibertsitateko Ingeniritzako Goi Eskola Teknikoko Kanpo Harremanetako zuzendariordea da 2015eko otsailetik. GEDC Airbus Diversity Award 2013 nazioarteko sariaren mundu mailako finalista izan zen.

Europa mailan, European Defense Agency-ko Unibertsitateen Europar koordinatzailea da 2017tik. Clean Sky Academy Working Group-eko Europako Batzordearen Joint Undertaking-eko kidea da 2017ko urritik eta Scientific Committee-koa ere bai, 2018tik Europako Batzordearen Joint Undertaking-eko aholku batzordekoa.

Felipe VI.ak 2015eko ekainaren 19an emandako merezimendu zibilaren domina du, eta 2014 eta 2015 bitartean, Espainian eraginik handieneko 100 emakumeen arteko Akademiko eta Ikertzaileen arteko (Mujeres & CIA) eraginik handieneko 10en artean aukeratu zuten. 

2018ko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariaren aurkezpena

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak Ada Byron sariaren bosgarren edizioa aurkeztu du Madrilen. Ekimen horrek zientzia eta teknologia esparruko emakumezkoen lana erakutsi eta aitortu, I + G arloan emakumezkoen bokazioak sustatu, eta teknologiak hazkunde ekonomikoan eta gizartearen etorkizuneko balio gisa duen garrantzia ezagutarazi nahi du.

Itzal handiko sari horren aurkezpena Deusturen Madrileko egoitzan egin da lehenengoz. Bertan izan dira Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu idazkaria, Carmen Vela; Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatua, Teresa Laespada; Emakundeko zuzendaria, Izaskun Landaida; Innobasqueko zuzendari nagusia, Leire Bilbao; IK4-IDEKOko zuzendari nagusia, Nerea Aranguren; eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa, Asier Perallos.

Aurkezpenaren ondoren mahai-inguru bat izan zen: “Mujer y tecnología, un tándem indispensable”. Bertan hartu dute parte Pilar Lópezek, Microsoft Españako presidenteak; Regina Llopisek, 2017ko Ada Byron saria jaso zuenak; eta María Luisa Jordák, Orange Espagne-ko kontseilariak. Moderatzailea Iñaki Ortega Madrileko Deusto Business Schooleko zuzendaria izan da.

Sariak Bizkaiko Foru Aldundiaren, IK4ren eta Emakunderen babesa du, baita Innobasque eta Basque HealthCluster erakundeen laguntza ere.

Lehenengo lau edizioetako saridunak hauek izan dira: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantiko” izenez ezagutzen ditugunetako ikertzailea; Nuria Olivar, I + D Telefónicako zuzendaria; eta Regina Llopis, Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematiketako doktorea.

 

06/02/2018 - La Universidad de Deusto presenta la quinta edición del Premio Ada Byron que reconoce a la mujer tecnóloga