Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
19 uztaila 2017Bilbo

Deustuko Ingeniaritza Fakultateak eta Maier Taldeak hitzarmen bat sinatu dute, ikasleei “Maier esperientzia” eskaintzeko

 

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eta Maier Taldeak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, Ingeniaritzako ikasleei “Maier esperientzia” eskaintzeko. Programa horrek hauxe eskaintzen die parte hartzaileei, besteak beste: Fakultateko prestakuntza akademikoa eta Maier Taldeak hainbat tokitan dituen lantegietan praktikak egitea, nazioarteko mugikortasuna prestakuntzaren barruan txertatuz. Ikasleari prestakuntza osoa eskaintzeko akordioa Ingeniaritza Fakultateko dekano Asier Perallosek eta Maier Taldeko zuzendari nagusi Martin Ugaldek sinatu dute.

 

Akordioa martxan jartzeak ekarriko du Deustuko eta Maier-eko taldeen arteko jakintzaren transferentzia egitea; ikasleen gaitasunak eta trebetasunak garatzea, pertsona eta teknika aldetik; eta MAIERen beharrizanei erantzuteko proiektu estrategikoak garatzeko aukera izatea ikasleek. Era berean, akordioak ikasleei lan merkaturako ateak zabaldu nahi dizkie, bereziki Maier-eko etorkizuneko langile gisa.

Hitzarmena Maier Taldearen talentua garatzeko ildo estrategikoen barruan dago eta “Maier esperientzia”, zehazki, etorkizuneko profesionalen garapenean erakundeak egin duen konpromisoan aurrerapauso bat da; izan ere, ezinbestekoa da enpresa mailako edozein erronkari ekiteko. Horrenbestez, erakundearekin eta inguruko gizartearekin konprometituta dauden pertsonen garapenean lagundu nahi du, Maier erakundearen bazkide-enpresa proiektuaren oinarri diren balio kooperatiboekin bat eginik.

Maier Taldeak automozioaren sektorerako konplexutasun funtzional altuko piezen eta dekorazioen garapen eta horniduran dihardu. Ajangizen (Bizkaian) du egoitza eta Nafarroan, Vigon, Erresuma Batuan, Txekian, Indian, Mexikon eta Txinan ditu lantegiak. Zentro teknologiko bat du, Maier Technology Center, Ajangizen, berrikuntzan eta garapen teknologikoan espezializatua, baita zentro teknikoak Txinan eta Indian ere. 2016an 300 milioi euroko fakturazioa izan zuen, % 70 nazioarteko salmentei zegozkienak. Guztira 2.400 pertsonako langile taldea du. Maier Taldea Mondragon Korporazioan txertatuta dago.

Deustuko Unibertsitatea gizarte-ekimeneko zentroa da; Bilbon eta Donostian ditu egoitzak, baita Madrilen ere; 130 urteko baino gehiagoko esperientzia du, eta ekarpen handia egiten dio garapen ekonomiko, sozial eta teknologikoari. Ingeniaritza Fakultatearen eta DeustoTechen bitartez, teknologia arloko ikerketak egiten ditu, bereziki, teknologiak osasunean, jasangarritasunean, garraioan, fabrikazioan eta segurtasunean aplikatzeko, eta oinarri teknologikoko enpresa berriak sustatzen ditu. Nazioarteko oihartzuna da Deusturen beste nortasun-ezaugarri bat, bai proiektuen aldetik eta bai munduko 60 herrialdetako ikasleak erakartzen dituelako (ikasleen %15).