Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

2017ko edizioa

 

Regina Llopis. 2017ko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

Regina Llopis. 2017ko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariaren laugarren edizioko antolaketa batzordeak eta epaimahaiak Regina Llopis Rivas Berkeleyn dagoen Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialari Aplikatutako Matematikan doktoreari eman dio 2017ko saria. Sariduna AIA (Aplicaciones en Informática Avanzada) taldeko presidentea eta kontseilari delegatua da.

 

Matematikako doktore tituluaz gain, Regina Llopisek curriculum zabala du eta era askotako titulazioz osatua: enpresa lidergoa, enpresa teknologikoen zuzendaritza, goi mailako zuzendaritzako programak, enpresa estrategiak telekomunikazio sozietateetarako eta interneterako, baita emakumeen presentzia eta lidergoari buruzkoak enpresa munduan ere. Era berean, hainbat eta hainbat artikulu argitaratu ditu eta foro espezializatuetan parte hartu du.

Ibilbide profesionalean ere hainbat sari jaso ditu, bai pertsonalak eta bai korporatiboak. Azpimarratzekoa da 2015 IWEC – International Entrepreneurial Challenge Foundation, Bartzelonako Merkataritza Ganberak, Manhattan-go Merkataritza Ganberak eta FICCI/FLO erakundeak (Federation of Indian Chambers of Commerce an Industry Ladies Organization) sortua. Horrez gain, AIA Taldeak Enpresa Berritzailearen saria jaso zuen 2010ean, Berrikuntzaren Ascamm sarien II. edizioan. Ikuspegi pertsonaletik, 2009an, El País egunkariak urteko ehun pertsonarik garrantzizkoenen taldean sartu zuen Regina Llopis.

Profil profesionalean, azpimarratzekoak dira ekintzailetzako proiektuak eta emakumeek teknologia eta enpresa esparruetan egiten duten jardunari eskainitako babes erabakigarria. Irakaskuntzan, ikerketa zentroen zuzendaritzan eta enpresa eta startup-en sorreran aritu da Ada Byron sariduna. Azken horretan, AIA Taldea osatzen duten enpresak merkaturatzen eta horietan inbertitzen hartu du parte. Ikerketarekin duen konpromisoaren erakusgarri dugu, 1994an AIA konglomeratua sortu zenetik iaz arte, pilatutako inbertsioa: 15,2 milioi euro. Kopuru hori hainbat proiektu garatzen erabili izan da, ikuskaritzapeko ikaskuntzatik hasi eta optimizaziora, hizkuntzalaritza konputazionalera, etab. Horrez gain, 3.9 milioi euro jaso ditu europar funtsetatik eta 2,4 milioi, estatu mailako erakundeetatik. Taldeak hamabi patente inguru ditu.

Regina Llopisen bizitza profesionalean emakumeek duten presentziari dagokionez, aipatzekoa da AIAn emakumeenganako diskriminazio positiboaren erabilera, Affirmative Action Towards Women.

Emakume teknologoarentzako Ada Byron sariaren irabazlearen hitzak: Regina Llopis Rivas and.

 

 

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron 2017ko Sariaren aurkezpena

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron 2017ko Sariaren aurkezpena

Irune Aguirrezabalek “Repensar la ciencia y tecnología con las mujeres: democracia paritaria” gaia jorratuko du. Aguirrezabal Zuzenbideko lizentziatua da, Europako Ikaskuntzen Institutuko Politika Zientzietako graduondokoa, Nazioarteko Harremanetako masterra (Bruselako Unibertsitate Librea), eta Ekonomia ikasketetan diplomatua (London School of Economics SS). Espainian karrera diplomatikorako oposaketak prestatu ditu. Gaur egun, Nazioarteko Harremanetako eta Politika Zientzietako doktoregoko tesia prestatzen dihardu.

 

23 urte baino gehiagoko lanbideko esperientzia du esparru multilateralean; nazioarteko eta eskualde mailako erakundeetan lan egin du, gobernuetan, GKEetan eta think tank batzuetan (demokrazia, nazioarteko zigor arloa, immigrazioa, terrorismoa, genero eta giza eskubide ikuspegiarekin), Latinoamerikan, Mendebaldeko eta Erdialdeko Afrikan, eta Mendebaldeko eta Erdialdeko Europan. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen Madrilen (2011-2013); Eusko Jaurlaritzaren EBrako eta Kanpo Arazoetarako zuzendaria (2009-2011); Espainiako Gobernuko presidenteordearen migrazio politika integrala eta kanpokoa koordinatzeko aholkularia (2006-2009); Mendebaldeko eta Erdialdeko Afrikan terrorismoari aurrea hartzeko aholkularia NBEren Droga eta Krimen arloan; Nazioarteko Zigor Gorteko GKEen koalizioan Europarako zuzendaria, Bruselan (1999-2005); lankidetza eta laguntza humanitarioko espainiar GKErik garrantzitsuenaren bulegoko ordezkaria izan da Bruselan (1997-1999); think tank-en nazioarteko aholkularia izan da, Nazioarteko Zigor Gortean eta Europako Batzordean.

2013ko urtarriletik, Panaman egoitza duen NBE Emakumeak erakundearen Latinoamerika eta Kariberako Partaidetza Politikoko eta Lidergoko aholkularia da. ‘Guía de Empoderamiento político de las mujeres: marco para una acción estratégica en América Latina y el Caribe (2014-17)’ delakoaren autorea da, demokrazia paritariorako eskualde mailako aliantza lideratzeko proposamenaren oinarria; PARLATINOk 2015ean onartu zuen ‘Norma Marco para la consolidación de la Democracia Paritaria’ dokumentua kontzeptualizatu eta idazketa koordinatu zuen.

Jardunaldi horretan pertsona hauek egongo dira: Asier Perallos, Ingeniaritza Fakultateko dekanoa; Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; María Guijarro, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasunerako zuzendaria; Julen Iturbe-Ormaetxe, Consultoría Artesana en Red erakundekoa; baita sarian laguntzaile diren beste erakunde batzuetako ordezkariak ere (IK4, Innobasque eta Basque BioCluster).
Sariaren babeslea Deustuko Ingeniaritza Fakultatea da, IK4ren, Emakunderen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Basque BioClusterren eta Innobasqueren laguntzarekin. Hautagaiak aurkezteko epea martxoaren 8ra arte egongo da zabalik. Estatu mailako aitormena da, aitzindaria emakumeen lana azpimarratzeko orduan teknologia berrien esparruan. I + G arloko emakumeen bokazioak ere sustatu nahi ditu, teknologiak hazkunde ekonomikorako duen garrantziari bere balioa aitortuz, baita gizartearen etorkizuneko balio gisa duena ere.